Ingurugiro, Ekonomia eta Gizartea

Ingurugiroaren, ekonomiaren eta gizartearen diagnostikoa ikuspegi teknikotik egin daiteke, edo bestela ikuspegi subjektiboago batetik, eta hor funtsezko garrantzia du herritarren parte hartzeak.
Diagnostiko Teknikoaren bitartez udalerriaren gaurko egoera aztertu ahal izango da: ezaugarri nagusiak, arazoak eta alderdi nagusiak edo gakoak. Udalerriari "argazkia" egingo zaio. Eta argazki hori hartuta udalerriaren etorkizunerako zer-nolako proiektua nahi dugun aztertu eta definitu, Neurrizko Garapenaren filosofia gogoan izanik.
Diagnostiko Teknikoari nabardurak egin ahal zaizkio herritarren partaidetzarako taldeak egingo duen diagnostiko subjektiboaren bitartez. Herritarren partaidetza sustatu, lagundu eta "Agenda 21 - Udalak" prozesuan sartuz gero partaidetza hori aberatsagoa eta zabalagoa izango da. Partaidetza taldeak egokiro gidatu eta zuzpertu behar dira. Foro edo Batzordeko kideek udalerriaren arazoak identifikatutko dituzte alde batetik, eta etorkizunerako proposamenak bestetik. Herritarrek parte hartuko dute, gizarte eta ekonomiako ordezkari nagusien bitartez, teknikarien eta ordezkari politikoen bitartez. Horretara, etorkizuneko apustua denon artean egingo dugu, denon proiektua bete ahal izateko.
Teknikaren aldetik, udal teknikarientzat guztiz baliagarria eta erabilgarria izango delakoan, kudeaketa-tresna hau proposatu da: udalerriaren Neurrizko Garapenaren Adierazleen Proposamena identifikatzea eta koantifikatzea. Alegia, diagnostiko teknikoan eta subjektiboan landuko diren Arlo Teknikoetan adierazle sorta bat definituko da eta adierazleok argi eta labur azalduko dute gaurko egoera. Informazioa datu batean biltzeko bidea emango dute, aurretiaz informazioa biltzeko lana egiteko eta, azken batean, udalerriaren egoerak hobera egiten duen ala ez erakusteko, behin Ekintza Planak ezarri eta gero.