Gorbeiako gurutzea

Gurutze famatu hau León XII. Aita Santuaren gomendio bati emandako erantzuna da. Aita Santuak gomendatu zuen, hortaz, hainbat gurutze eraikitzea kristauen lurretako gailur altuenetan, XX mendearen etorrera ospatzeko.
Gurutze hau, 18 metroko luzerakoa, hemen eraikitako hirugarrena da. Lehena, 33,33 metrokoa, 1901eko azaroaren 12an bedeinkatu zuten. Denetara, 65.000 pezeta balio izan zuen eta Zorroazako Tailerrek egin zuten, arkitektua Casto de Zabala izan zelarik. Trenez eraman zuten Izarraraino eta idigurdi batez, geroago, Aiurdin gainean eta Zaraten zehar, gailurreraino. Baina handik hilabetera, ekaitz gogor batek bota zuen lurrera eta oinarritik sei metrora puskatu zen. Bigarrena, bada, askoz apalagoa (25 metrokoa), 1902ko urriaren 1ean bedeinkatu zuten. Orduko hark 1906ko ekainaren 26a arte iraun zuen. Eta, azkenik, gaur egunekoa Serapio Goikoetxea Palacio Barakaldotarrak egin zuen.
Gurutzearen alboan orientazio-mahai bat ikusten dugu. Bertan 106 mendi azaltzen dira; horietako hurbilena Aldamin da kilometro erdira baitago, lerro zuzenaz; urrunekoak, ordea, Erdiko Piriniokoak dira, gutxi gorabehera 230 kilometrotara baitaude. Lucio Laskarai izan zen mahai horren sustatzailea. Marrazkia, Pui de Dome-ko (Frantzia) lantegi batean esmaltaturiko laba gainean egin zen. Mahai osoak 619,75 pezeta balio izan zuen. 1931. urtean ipini zuten, Zeanuritik gailurrera mando batek eraman ondoren. Muntaketa, ordea, Eleuterio Goikoetxeak egin zuen.